Alternatiben Herria ekimenak egitaraua aurkeztu egin du prentsaurrekoan

Download this podcast

Alternatibak dituen herria bizirik dago. Horixe irudikatzeko asmoz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren asanbladak datorren larunbatean Alternatiben Herria ekimena egingo du. Aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleihoa; elkarren arteko topagunea.

Deialdi berri honetan, klimaren inguruko proposamenari beste batzuk gehitu dizkiogu. Bizitza burujabea eskubide osoz da aukeratu dugun leloa. Izan ere, badakigu Euskal Herrian eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean badirela hamaika pertsona eta eragile egunez egun alternatibak eraikitzen. Horregatik, urriaren 24an guzti hauek bildu eta plazara aterako ditugu. Balio justuagoetan oinarritutako gizartea eraiki daitekeela sinetsita gaude eta proiektu hauek guztiak, aldaketa horren hazia direla erakutsiko dugu.Horregatik, dei hau egiten dugunok alternatibak ditugula eta jada martxan daudela erakutsi nahi dugu, eta honekin batera esan, sistema dela aldatu behar dena. Horregatik pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria aldarrikatzera gatoz: ongi bizitzeko, pertsonen zein herrien premiak asetzeko, gure buruak eta planeta zaintzeko eta nagusi den sistema aldatzeko.

Bide honetan, 150 eragileren atxikimendua lortu dugu. Hemen gaur elkartu garenak, eragile horien ordezkariak gara. Auzolana erabili dugu aurrera egiteko, jendeari lana eta dirua eskatuz. Horren erakusle, oraindik martxan dagoen crowdfundinga, honezkero 14.724 euro bildu dituena.

Bost auzo izango ditu Alternatiben Herriak:

  • Arragoa: auzo honetan, hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren inguruko eztabaidak, azoka eta ekitaldiak egingo dira egunean zehar.
  • Gure Gaia: naturarekin zerikusia izango duten tailerrak, eztabaidak eta azoka bilduko dituen gunea izango da.
  • AuzoEKOnomia: ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan saretutako eragileek eztabaidak eta azoka egingo duten auzoa izango da.
  • Demokrazia, Parte Hartzea eta Burujabetza: herrien eskubideen inguruan eta parte hartze demokratikoaren inguruan hausnarketa eta proposamen gunea izango da.
  • Bizitza Duinak eta Anitzak: gorputz eta bizi eredu ez normatiboen esperientziak jaso eta zabalduko dituen aniztasunaren auzoa izango da.

Bilboko Areatza eta Alde Zaharraren inguruan egingo da Alternatiben Herria. Jarduera batzuk kalean bertan garatuko dira, karpak kokatuko dira horretarako. Bestalde, lokal publikoak eta herri mugimenduarenak ere erabiliko dira.

Fomatu ezberdineko ekintzak egongo dira, hala nola, doku-zine-forumak, hitzaldi eta mahai-inguruak, ikusi eta ikasi, hezi eta hazi (esperientzien kontakizun komunak), entzun, eman eta parte hartu (tailerrak), azokak, performanceak, musika, animazioa eta ekimen ludikoak, jana eta edana… Alternatiben Herrian, hizkuntza irizpideak, kontratazio eta kontsumorako irizpideak, eta egitarauan parte hartu dutenekiko genero irizpideak erabili ditugu.

Egitarauan, eragile handi eta txikiak ikusiko dituzue, oso izen ezagunak eta ez hain ezagunak. Nazioartetik, Cat Boyd, David Fernandez, Frederick Viale edo Florent Marcellesi, eta Euskal Herritik ere lehen mailako gonbidatuak, izango ditugu.

Gure aldarrikapenen alde daude herritar guztiei dei egiten diegu datorren larunbatean Bilbora bertaratzeko. Asko gara, eta erakutsi egingo dugu. Bizitza burujabea nahi dugulako, eskubide osoz.

97 irratia babestu nahi duzu?

97 irratian proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.

Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.

Irratikiderik gabe, 97 irratia ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez irratikide eta babestu 97 irratia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude