Kaixo Balkanen bitxikerien zaleok!
Aste honetan, gure prentsa Esloveniaz blai agertu zaigu, Quim Torra Kataluniako lehendakariak 1991ko “esloveniar bidea” delakoaren inguruan eginiko adierazpenen kontura. Hala ere, gai horri tarte zabala eman diogun arren, bukaerarako utzi dugu, lehenago beste gai batzuk jorratu ditugularik.
Kirolekin hasi gara. Hasteko, Frantzian jokatzen ari den Europako (emakumezkoen) Eskubaloi Txapelketarekin hasi gara, non sei talde balkaniarrek parte hartzen duten. Horietako batzuk finalerdietara sailkatzeko aukera dute. Bestetik, Kroaziak (gizonezkoen) Teniseko Davis Kopa irabazi izanaz ere mintzatu gara, eta baita ere Luka Modrićek (gizonekoen) Futboleko Urrezko Baloia ere irabazi izanaz. Hilabete ona izan zen azaroa kroaziar kirolarentzat.
Hurrengo gaia politikarekin eman dugu. Bertan, Kosovoko Armada eratzearen inugruan eta zergen igoeraren inguruan dauden polemikez aritu gara. Brnabić Serbiako lehen ministroaren eta Petrit Selimi Kosovoko diplomazialariaren adierazpenak ere ekarri ditugu, nazioartean oihartzuna izan baitute. Bestetik, Montenegron oposizioko lider Nebojša Medojević atxilotu izanaz ere aritu gara.
Hurrengo gaia kultura izan da. Gai honetan, euskal idazle zein itzultzaile batzuek (Amaia Apalauza, Elizabete Manterola eta Juan Kurz Igerabidek), Barbara Pregelj eta Peter Svetina esloveniarrekin Durangoko Azokan egin zuten mahai-inguruaz aritu gara. Slavenka Drakulićek bere liburua euskaratu dutela baliatuz Donostian duela aste bi eman zuen hitzaldi batez aritu gara.
Eta azken hogei minutuak Quim Torraren “esloveniar bidearekiko” miresmen hitzez eta hauek erreakzioez aritu gara. Torrak Eslovenia Kataluniaren eredu bezala jarri du “independentzia, batasun nazionala eta bakezaletasuna” aldarrikatuz. Honek gure politikari zein kazetarien artean erreakzio kopuru handia piztu du, alde ala kontra. Halakoetan ezjakintasuna nagusitzen denez, guk hemen informazioa eta kontestua jarri nahi izan ditugu.
Entzun gure programa hemen: