Tesla ordua: 91 irratsaioa

Tesla ordua: 91  irratsaioa

Kaixo lagun balkanzaleok:

Gaurko programan gai polemikoak izan ditugu eztabaidagai. Lehena, Radovan Karadžić Republika Srpskako lehendakari ohiaren kontrako sententziaren errebisioa izan dugu: aurreko sententziako kargu guztiak berretsi egin ditu epaiak, baina zigor-kopurua handitu egin dio; 40 urteko kartzelaldi-zigorretik bizi arteko zigorra ezarri baitio. Karadžićek egindako bidegabekeriez at, bai epaitegian eta bai aditu-kazetari taldeetatik nagusitzen ari den ideia, Republika Srpska bera “sorkuntza kriminal” bezala ezartzen duen ideia aztertu eta kritikoki errebisatu dugu. Ideia hau, Karadžićen kontrako epaiketaz haratago, Zeelanda Berrian gertatutako atentatu antimusulman negargarriaren ostean ere, atentatu hori serbiar nazionalismoaren edo serbiar baieztapen nazionalaren gain leporatzea asmo zuten irakurketak ere agertu izan dira; irakurketa horiek ere aztertu ditugu.

Berri gehiago ere aztergai izan ditugu; mamitsuak hauek ere: lehenik, Bosnia-Herzegovinan, urriko hauteskundeen osteko Parlamentua asko kostata osatu ostean, Gobernua osatzeko bidean daude, hiru alderdi nazionalisten arteko (komunitate bakoitzetik bat: SDA, SNSD eta HDZ) elkarrizketak hasi dira; bigarrenik, Belgraden Vučićen kontrako protestek intentsitate handia hartu dute, telebistaren egoitza okupatu eta lehendakaritzaren egoitza inguratzera iritsi dira eta; eta hirugarrenik, Europako Alderdi Popularrak kide duen Fidesz alderdi hungariarraren -Viktor Orbánen alderdiaren- kidetza “behin-behinik bertan behera utzi du”.

Bukatzeko, Goran Petrović idazle serbiarraren Bajo el techo que se desmorona liburua komentatu dugu. Petrović Kraljevokoa da, eta liburu honetan bere sorterriko zinema baten historia kontatzen du: bai eraikinaren historia, bai jabe eta jabetza-modu ezberdinen historia, bai langileen historia eta baita ere 1980ko maiatzean pelikula bat ikustera joan ziren ikusleen historia. Pelikula ikusten ari zirela, pantaila berehala txuriz agertu zen bat-batean, eta inork zer gertatzen zen ez zekiela. Tito lehendakariaren heriotzaren berri ematen dute. Hain zuzen ere, hori da kolektibo hori ekartzen duena, 1980ko maiatzeko igande arrats batean zinema areto batean elkartu izana. Beraz, serbiar herri xehearen deskribapen bat dugu: bertan agertzen diren pertsona-mota ezberdinak beren bertute eta mixeriekin, beren ideologia, pentsamendu eta zirkunstantzia ezberdinak, eta baita ere “gertakariaren” osteko eboluzioa. Hain zuzen ere “gertakariak” markatzen baitu sabaia erortzea, ez zinema-areto zaharraren sabai fisiko hauskorra, baizik eta Jugoslavia zena eta honen bizitza-estilo ezaguna zen sabaia. Liburu irakurterraza eta entretenigarria da, Serbiaren soziologiari buruzko ezagutza osatzeko ona.

Entzun gure programa hemen:

Download this podcast

97 irratia babestu nahi duzu?

97 irratian proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.

Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.

Irratikiderik gabe, 97 irratia ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez irratikide eta babestu 97 irratia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude