Kaixo Danubioko txalupok!!
Gaurkoan, 34. irratsaioan, batez ere Serbiak NATOren kontra jarritako salaketez aritu izan gara. Salaketa hori 1999ko bonbaketa zela eta izan da, eta gaur azaldu ditugu bonbaketa honen nondik-norakoak; zeintzuk izan ziren helburuak eta abar. NATOk Balkanetan egin duen espantsioaz ere hitz egin dugu.
Beste alde batetik, Serbian lehen ministro postua “hutsik” egon denez gero (Vučić lehendakari izendatu duten geroztik hona), postu horretarako Alderdi Aurrerakoiaren hautagai eta ziurrenik Lehen ministro berria izango den Ana Brnabić proposatzeari buruz hitz egin dugu (independentea dena, nahiz eta Vučićen gertuko emakumea izan). Brnabić, lesbiana eta etnikoki kroaziarra da, eta alde batetik Serbiaren estereotipo negatiboak desmontatzen lagun dezake izendapen honek, baina hori bai, ikusi beharko da zer nolako politika egiten duen, bere ibilbidea Mendebaldeko instituzioetatik oso hurbil egon baita (USAID eta NDF). Baita ere harrigarria izan zaigu gutxiengoen kide den pertsona bat Lehen ministro postuan ezartzeak zein oihartzun gutxi izan duen gure arteko prentsan.
Esan beharra dago, Euskal Herriko emakume politikariez ari garela, akats bat egin dugula: esan dugu Euskal Herriko hiriburuetan soilik emakumezko bakarra egon dela (Yolanda Barcina, Iruñean), baina esan beharra dago beste bat ere egon dela, Pilar Careaga Bilbon (1969-1975), nahiz eta egia den hau ez zela herriak aukeratutakoa izan.
Entzun gure programa hemen: