Egun on, Balkanetako mendikateok!
Oraingoan, Tesla Orduan, Balkanetako hainbat berritan zentratu gara.
Mazedonian egon izan den eztabaida berriaren inguruan ere aritu izan gara. Albaniera Mazedonian osoan ofizial egiten duen lege bat onartu du Parlamentuak, Gobernua sostengatzen duen gehiengoak (sozialdemokratek eta albaniar alderdiek osatutakoak) alde bozkatuta. Beraz, lege honen arabera, Mazedonia Estatu elebidun bihurtu da.
Belgradeko Udal hauteskundeez ere hitz egin dugu. Bozken %44rekin irabazi du Gobernuaren alderdiak, Serbiako Alderdi Aurrerakoiak. Hala ere, momentuz ez dute alkategairik proposatu, eta kanpaina ere ez dute alkategai baten izenean egin. Siniša Mali jarduneko alkatea aukeratutako zinegotzien artean dago, baina ematen duenez, Irena Vujović, egun Savski Venac Belgradeko barrutiko alkatea dena izango da Belgradeko alkate berria.
Bukatzeko, Kroaziako lehendakari Kolinda Grabar-Kitarović eta Wiesenthal Zentruko zuzendari Efraim Zuroffen arteko ika-mikaz ere aritu izan gara. Grabar-Kitarovićek “Argentinako kroaziarrak” goratuz egin zuen hitzaldi bat kritikatu zuen Zuroffek faxismoa zuritzen zuelakoan (kontuan izan behar dugu Argentinara joandako emigrazio kroaziarra batez ere II Mundu Guda ostean joan zela). Grabar-Kitarovićek hori “kroaziarren izena belztea” jo zuen, eta Zuroffek berak kroaziarren kontra deus ez duela erantzun behar izan du.
Entzun gure programa hemen: