Euskal Herriko irrati libreak biltzen dituen sareak bi hamarkada egingo ditu elkarrekin, ekosistema euskaldun, hurbil eta anitza indartzeko.
Herria Mugi! ekimenak, Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, 2001eko udaberrian Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zituen Barrian (Araba). Ekimen horretako Komunikazio lan taldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bat deitu ziren planteamendu garbi batekin: irration arteko elkarlana areagotu, eta gure baliabideei probetxu hobea ateratzeko ezer egin ote zitekeen hausnartzea. Euskal Herria Zuzenean festibalean egin zen sortze bilera, Arrosa herrian, eta bertatik datorkio izena sareari.
Hogei udaberri geroago, 25 irratik osatzen dute sarea eta 60 programa inguru partekatzen dituzte astero. Tokian tokiko irrati libreen ahalegin bateratua, euskarazko eta Euskal Herriko alternatiba bat indartzeko, enpresa publiko eta pribatuek osatutako dialean.
Arrosak partekatzen dituen saio guztiak euskaraz dira, nahiz eta irrati batzuetan gaztelaniaz ere emititzen duten. Pirinioen bi aldeetan, Euskal Herrian, betetzen duten hizkuntza eta espazio geografikoa dira lotura horren oinarria.
Horretaz hitz egiteko Iraitz Gesalaga daukagu telefonoz beste aldean, Arrosa Sarea koordinatzailea eta Zarauzko Arraio Irratiko kidea.