Enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentro bat sortzea aldarrikatzen du Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak, zeina hainbat sindikatuk, gizarte- erakundek eta nazioarteko elkartasunerako elkartek osatzen baitute, horietakoen artean Bizilur.
Gizartearen partaidetza bizia eta irmoa izango luke gune publiko berri horrek, eta eginkizun hau: euskal enpresa transnazionalen atzerriko jarduerak eta inpaktuak arautzea eta haiei buruzko kontuak eskatzea, bai eta Euskadin dabilen atzerriko kapitalarenak ere, giza eskubideen nazioarteko esparruaren aldeko jarrera irmoa abiapuntu izanda.
Kapitalari Planto!-ren ustean, Enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentroa gune ezin egokiagoa da —egungo eskumen-esparruan behintzat— giza eskubideak betearazteko alor estrategiko horretan; alegia, enpresen nazioarteko jardueran. Gainera, sektore publikoaren eta gizartearen arteko aliantza izango du oinarri, herritar antolatuei parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmen berezia emango diena.
Proposamenean sakontzeko asmoz Gorka Martija – OMALeko ikerlaria eta Plataformako kidea – 97FMko estudioetaraino ekarri dugu elkarrizketatzeko. Beti bezala, zinez interesgarria den gaia dakarkizuegu Lur eta Murmurretik azken saio honetan! Goza eizue!