Tesla ordua: Tesla Ordua, 70 irratsaioa: Mazedoniako erreferenduma

Tesla ordua: Tesla  Ordua,  70  irratsaioa:  Mazedoniako  erreferenduma

Kaixo, kaixo balkanzaleok!

Uda gogor baten ostean, hemen dago berriz Tesla Ordua! Aurten erronka edo herrenka gogorragoa izango dugu, izan ere, gure agendak asko estutu baitira, eta gure irisgarritasuna mugatu. Lehen adibidea, programa hau dugu, diferituta eskaintzen ari baitizuegu. Izan ere, igandean grabatu behar izan dugu antenara ostegunean iritsi den programa, hain zuzen guk programan oraindik zabalik utzi izan ditugun gauza batzuk, jada zuek entzun orduko itxita egongo direnak. Hona arte, herrenak.

Erronkak, 97irratian estudio berria izatean datza. Estudio berriarekin, grabaketen kalitatea hobea izatea espero dugu. Hala, Tesla Ordua beste jende gehiagorengana iristea espero dugu, hori ere badugu gure erronka.

Gaurkoan (edo herenegunekoan) gurean nagusi Mazedoniako erreferenduma izan da. Bertan apirilean Zoran Zaev lehen ministroak Greziarekin lortutako izen-aldaketaren inguruko akordioa bozkatzen zen, baina “tranpatxo” batekin: adi berean EBko eta NATOko kide izatea galdetzen baitzen: “Nahi al duzu Mazedonia EBren eta NATOren kide izatea Greziarekin sinatu zuen akordioa onartuz?”. Esan bezala, programa igandean grabatu genuenez, emaitza definitiboak ez ziren gure esku oraindik, baina aurreneko datu batzuk ematekoak ginen, eta jada igande arratsaldean bertan argi zegoen gertatuko zena: partehartzea ez zela gutxieneko %50ra iritsiko, beraz galdeketa baliorik gabe geratuko zela. Mazedoniako alderdi gehienek (tartean Gobernuko Alderdi Sozialdemokrata, zein alderdi albanomazedoniarrek) baiezkoa eskatu zuten, oposizioko VMROk jarraitzaileei “boto askatasuna” eman zien artean. Hain zuzen ere, herriaren portzentaje han txikiak botoa eman izanak, Gobernuaren eta herriaren arteko konfiantza falta nabarmena erakusten du.

Segituan hurrengo astean (urriaren 7an) burutuko diren Bosniako hauteskundeen inguruan aritu izan gara. Bost erakunderen konposaketa erabakiko dute Bosnia-Herzegovinan; hiru Bosnia-Herzegovinako Federazioan (musulmanen eta bosnokroaziarren aldean) eta lau Republika Srpskan (serbobosniarren aldean): Bosnia-Herzegovinako hiru lehendakariak (bietan), Bosnia-Herzegovinako Parlamentua (bietan), Federazioko Parlamentua (Federazioan soilik), Republika Srpskako lehendakaria eta Republika Srpskako Parlamentua (azken biak Republika Srpskan soilik). Hauteskunde sistema konplexuegia da eta, honi eman diogun tartea sistema azaltzen eman dugu, besterik ezean. Hurrengoan, hauteskundeak pasata sartuko gara alderdiak, hautagaiak eta emaitzak azaltzearekin.

Bestetik, azken asteotan izandako azken berriarekin, Kosovora joan gara. Ostiralean, hau da, guk programa egin baino egun batzuk lehenago (baina zuek entzun baino aste bat lehenago) manifestazio handi bat izan zen Prištinan Vetëvendosje alderdiaren manifestazio handi bat izan zen, Gobernuaren “traizioa” salatuz eta UÇKren aldeko oihuekin, Serbiarekiko negoziazioak deitoratuz. Zurrumurru handiak daude bertan mugen aldaketa negoziatzen ari direnaren inguruan, eta hain zuzen, hura salatzeko zen manifestazio hura (serbokosovarrak nagusi diren tokietan ez dute Prištinako Gobernuaren agintea onartzen, eta trukean, honek mugakide diren albaniar gehiengodun herriak eskatu ahal ditu). Bestetik, Hashim Thaçi Kosovoko lehendakariak, halako zurrumurruak isiltzeko edo, gehiengo serbokosovarra dagoen Zubin Potok herrira bidaia egin du, eskolta armatu handia eramanaz. Serbokosovarrek halako keinua probokazio bezala ikusi dute. (Ipar Kosovon, Kosovoren Gobernuaren instituzioaren ez daude presente).

Aurtengoa uda-bueltako lehen programa izan da, beraz, “atzeratutako lan” pixka bat hona ekarri dugu. Horien artean, adibidez, Kroaziako futbol taldeak (gizonezkoen) Munduko Txapelketan lortutako zilarrezko dominari buruz. Udako oporretara joan aurretik ere hitz egin genuen Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin zuen irudi publikoko kanpainaz. Hala ere, txapelketa pasa eta berehala, Zlatko Dalić hautatzaileak politikariak kritikatzen zituen gutun bat atera baitzuen. Bestetik, gurena oso kritikatua izan da Grabar-Kitarović errefuxiatuen edo LGBT gutxiengoen kontrako politikagatik. Hala ere, kontuan izan beharra dugu, gutxiengo etnikoen (serbiarren) egoera ere inoiz baino okerragoa dela, gurean aipatzen ez den arren. Tamara Opačićek egindako txosten batean hura aipatzen da. Txosten horretaz eta ondorioez ere aritu izan gara: txosten hori idatzi ondoren, eskuin zein eskuin muturreko zenbait pertsona ezagunek (tartean Marko Perković “Thompson” abeslari faxistak) Opačićen kontrako salaketa jarri baitute, txostenean “difamazioa” zela argudiatuz. Oso ekzkagarria da hau, eta kezkagarria hain justu hau izatea Grabar-Kitarovićen Kroazian gaizki pasatzen ari diren pertsonen inguruan kritikatzen ez den diskriminazio bakarra.

Bestetik, baita aipatu dugu Montenegron, Podgorica udalerritik, albaniar gehiengoa zuen Tuzi herria banandu egin dela eta udalerri berria osatu duela. Hau alde batetik emakida politiko bezala uler daiteke, baina baita ere kontuan izan behar dugu Tuzi herria albaniarrentzat garrantzitsua zela, izan ere, 1911an albaniarren eta Turkiar Inperioaren arteko borrokaldi handi bat eman zen bertan (1911an Montenegro independentea zen, baina ez egungo mugekin).

Bestalde, kirolekin bukatu dugu. Alde batetik, Belgradeko derbia aipatu dugu: JNA estadioan Partizanek eta Izar Gorriak bana berdindu zuten: Ricardo Gmesek zuribeltzak aurreratu zituen, eta auzokoentzat Richmond Boakyek berdindu zuen, polemikaz betetako gol batean; buruz errematatu zuen, baina ez dago argi baloiak marra osorik gainditu bazuen Vladimir Stojkovićek gelditu aurretik. Batzuek baietz, besteek ezetz… betiko polemika. Izar Gorriak lidergoan jarraitzen du bost puntuko abantailarekin, nahiz eta polemikak soka luzea izango duen: Stojkovićek adibidez “sistema osoa Izar Gorriaren mesedetan dago, lotsa ematen dit Estatu honen parte izatea, pasaportea itzuliko dut” esan zuen. Bestalde, Novak Djokovićen berri eman dugu: Wimbledon eta US Open txapelketa handiak irabazita, usteari bukaera bikaina eman dio, eta guztira 14 Grand Slam txapelketa pilatu ditu.

Entzun gure programa hemen:

Podkast hau deskargatu