Kaixo Balkanetako zeruetako hodeiok!!
Aste honetan, pil-pilean dagoen gaia Venezuelako Estatu-kolpea izan da. Hori dela eta, programa erdia honi eman diogu, bai Balkanetako Estatu batzuek harekiko izan duten posizioa azaltzeko asmoz, eta baita ere Venezuelan erabili izan diren teknika kolpista batzuk lehenago Balkanetan erabili izan direlako, adibidez “Interbentzio humanitarioarena”. Beraz, ez da arraroa gure programaren parte handi bat honi eman izana.
Beste gai batzuk ere aipatu izan ditugu. Horietako bat, Ipar Mazedoniako parlamentuak, behin betiko izen aldaketa onartu du (aurretik ere onartu zuen, baina mazedoniar sistemak lehendakariari legeak behin betatzea eta parlamentura itzultzea ahalbideratzen dio, eta eskumen hau erabili zuen). Greziako parlamentuak ere bi herrien akordioa onartu d, baina Syrizaren kide izan den ANEL Gobernutik ateratzea ekarri du.
Ipar Mazedoniako izenaren kontua itxita, Republika Srpskan izanen dugu orain izenaren inguruko kalapita. Izan ere, Bosnia-Hercegovinako alderdi nagusiak, SDAk, BiHko Auzitegi Konstituzionalaren aurrean Republika Srpskaren izena “konstituzioaren aurkako” izendatzeko helegitea jarri du. Honek Republika Srpskatik erantzuna ekarri du: Bosniako lehendakaritzan serbiar ordezkaria den Milorad Dodikek esan du hala balitz, Republika Srpskak mugaren kontrola hartuko zukeela. Honek Republika Srpskako alderdien arteko kalapitak geratu ditu momentuz, hain justu David Dragičevićen omenezko manifestazioak izaten ari zirenean.
Azkenik, Belgradeko manifestazioez ere hitz egin dugu. Zazpigarren larunbatez atera da kolore guztietako oposizioa kalera, Aleksandar Vučićen dimisioa eskatuz. Hala ere, batasun falta nabari zaie, eta ikusiko dugu noraino egingo duen honek aurrera. Azken egunetan Putinek Serbiara egin duen bisitaldiak Vučići mesede handia egin dio, Putinek babes handia baitu serbiar herrian.
Entzun gure programa hemen: