Kaixo Balkanetako mendikatetxook:
Gaurko programan, musika talde batez hitz egin dugu, Belgraden 1982an sortu zen Ekaterina Velika taldearen inguruan. Talde honek punka eta rock psikodelikoa nahasten zituen, eta zazpi diska atera zituen. Milan Mladenović eta Margita Stefanović izan ziren Kattalin Handia Errusiako tsarinaren omenez izena zeraman talde honen bizkarrezurra: Esan beharra dago taldea sortu eta berehala desegitear izan zela, Dragomir Mihajlović sortzaileak eskubideak beretzat eskatu baitzituen 1984an (eta taldearen izena hasierako “Katarina II”-tik “Ekaterina Velika”-ra aldatzea ekarri zuen kalapita horrek). Beren unerik oparoenak 1987 eta 1991 artekoak izan ziren. Taldeak 1992an gerraren kontrako diska batean parte hartu zuen, eta 1994an Mladenović hiltzerakoan desegin zen. Nirvanarekin konparatu izan ohi dute beren estiloagatik, baina baita ere euren bukaera tragikoarengatik, taldearen kide gehienak oso gazte hil baitziren.
Bestetik, politika ere izan dugu gure irratsaioan. Hemen Serbiaren eta Kosovoren arteko negoziazioak izan ditugu mintzagai, batez ere Johannes Hahn Europar Batasunerako Hedapenerako arduraduna Belgraden egon delarik. Han Vučićekin eta baita ere oposizioarekin bildu da Hahn. Kosovok mugimendu honi hamaika serbiar, tartean hiru jeneral erretiratu auziperatuz erantzun du. Bestetik, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Skopjen izan da. Bisita historikoa izan da hori, lehen aldiz greziar lehen ministro batek Ipar Mazedonia bisitatu baitu. Azkenik, Novi Saden Donbasseko matxinoen aldeko filme bat estrenatu dela; eta lehen aldiz Bosnia-Herzegovinan LGTB Harrotasunaren Eguna ospatuko dela ere kontatu dugu.
Entzun gure programa hemen: