Kaixo Balkanetako hondartzatxook!
Gaurkoan, bi hilabete eta erdi hondartzan eta alperkerian eman ondoren, ikasturteko lehen programa hasi dugu. Berri asko izan ditugu, eta nahiko garrantzitsuak izan dira denak…
Adibidez garrantzitsua izan da uztailean Skopjen eta irailean Sarajevon LGBT Harrotasunaren eguna ospatu izana. Bi hiriak izan ziren aurten arte halako manifestazio bat izan gabe ziren bakarrak, beraz orain esan dezakegu Balkanetako hiriburu denetan jada Harrotasunaren eguna ospatu dela jada. Ez da istilurik egon, nahiz eta Sarajevon kontramanifestazio batzuk eta politikarien aldetik oztopo batzuk izan diren. Bestetik, Belgrad 2022an “Europride” jaialdiaren egoitza izango dela iragarri dute.
Kosovon ere berri garrantzitsu bat izan dugu, izan ere Ramush Haradinaj lehen ministroaren kontrako kausa berriz zabaltzea erabaki du Hagak (aurrekoa bertan behera geratu zen, hamar lekukotatik bederatzi hilak izan baitziren). Honek Haradinaj lehen ministro postutik dimititzea ekarri du.
Hirugarrenik, oso berri garrantzitsu bat izan dugu. Gure lagun kroaziar bat, Hrvoje Klasić historiagilea kroaziar talde faxistek heriotzaz mehatxatu dute. Klasićen posizioak, Kroaziako sektore nahiko zabal batek bultzatzen duen errebisionismo historikoaren kontrakoak, ekarri dute talde faxista horrek historiagile hau erasotzea. Hain zuzen ere “Za dom spremni!” (“Aberriaren alde prest!”) ustašen agur ofiziala “kroaziar agur tradizional” bezala zuritu nahi duten, Jasenovaceko krimenak “krimen askotan beste bat bezala” arindu nahi duten edo Jugoslavia sozialista eta “serbiar nazionalismoa” edo “kroaziarrekiko etsaitasuna” identifikatu nahi duten asmo desitxuratzaileen aurka argudiatu du Hrvojek; eta baita ere herrialde honetako gutxiengoen eskubideen alde.
Bestetik, beste bi berri ditugu Kroazian. Alde batetik Bruno Stojić Kroaziako parlamentuko lehendakariordea Hagak 20 urteko akrtzela zigorra igarotzera zigortu duela musulmanen kontra eginiko krimen batzuk medio; eta bestetik, Gordan Grlić Kroaziako Kanpo ministroak, Alemaniako Enbaxadako pertsonaleko parte zen Elizaveta Madjarević diplomatikoa bota egin dutela kargutik “Europa Zuria” eta “Europa aratza” bezalako kontzeptu arrazistak erabiltzearren.
Serbiara salto bat egin dugu baita eta hor Saudi Arabiarako arma-esportazio kasu bat, eta honi lotutako ustelkeria izan ditugu hizpide.
Berri politikoekin bukatzeko, azkar komentatu ditugu bi berri: uztailean Grezian izan ziren hauteskundeak, zeintzuek eskuinari eman dioten Gobernua, eta Afganistanen, NATOren soldadu kroaziar bat hil egin dela.
Euskal txokoak ere tartea izan du, izan ere uztailean Xabier Gantzarainek publikatu zuen artikulu batean, Mladen Stilinovič artistaren Autozentsura Salgai obra komentatu baitu.
Kirolak ere tartea izan dute, saskibaloiaz, futbolaz eta batez ere, boleibolean eta tenisean balkaniar kirolariek lortu dituzten garaipenaz hitz egin dugu. Ikusi duzuen bezala, oso programa betea egin dugu.
Entzun gure programa hemen: