Kaixo, Balkanzaleok!
Gaur, gure irratsaioan, Kosovoko Estatuak bere independentzia aldarrikatu zuenetik 10 urte pasatu diren honetan, honi buruz esan ditugu berririk gehienak. Adibidez, Oliver Ivanovićen hilketari buruz agertu diren adierazpenak, Aleksandar Vučić Serbiako presidentearen arabera, hilketa honek mafian izan du bere iturburua (Hashim Thacik esan du hilketak ez duela “etnia-arazoekin zerikusirik”).
Komentatu dugun beste berri bat, Pristinako Parlamentuan Edi Rama Albaniako lehen ministroak esandakoak izan dira. Ramaren arabera, “Albaniak eta Kosovok lehendakari bakarra eta defentsa sistema bakarra” izan beharko zuketen. Praktikoki asmo hori burutzea Albania Handia gauzatzea zatekeen, beraz, inguruan hautsak harrotu ditu horrek.
Bestetik, AEBtako enbaxadoreak esan duenez, Belgrad eta Pristinako Gobernuen arteko erabateko akordioa laster lortu behar da. Europar Batasunak Serbiaren hautagaitza formalizatzeko baldintza hori jarri ostean, Belgraden gaineko presioak handitu egin dira. Serbiako Gobernuak “asko jota” apiril hasierarako bere proposamena botako duela esan du. Agian “tarteko onartze” bat, aintzatestera iritsi gabe gerta daiteke? Euskal Autonomi Erkidegoan “Nafarroak, berak nahi badu, sartu daiteke” artikuluaren antzeko bat izan daiteke?
Azkenik, Serbian 8 pertsona atxilotu dituzte, egoitza militarrak ilegalki zelatatzen ibiltzearren. 8 pertsona horien artean espainiar herritar bi, estatubatuar bi, ukrainar bi, afganiar bat eta britainiar bat daude. Berri honek ia ez du harrabotsik sortu, eta alderantziz gertatuko bailitzan zer gertatuko zenaz hausnartu dugu.
Entzun gure irratsaioa hemen: