Kaixo Balkanetako zelaitxook!
Futboleko (gizonezkoen) Munduko Kopa hasi delarik, gure denbora zati bat honek hartu du. Baina futbolaz aritu aurretik beste gai batzuk izan ditugu mahai gainean. Hasi, Ipar Mazedoniatik hasi gara: Greziarekin sinatutako akordioa (eta honen baldintzak) berriz gogorarazi eta freskatu dugu, eta horrez gain, Zoran Zaeven Gobernuak Antzinaroko estatuei buruz hartu duen erabakiaren berri eman dugu: estatuak berrizendatu egingo dituzte, “benetako” izena emango diete (adibidez, “gudaria zaldian” “Alexandro Handia” izango da, “gudaria” Filipo Mazedoniakoa” eta abar), baina plaka bat jarriko dute horien jatorri heleniarra aipatuz. Beste berri batzuez ere aritu izan gara, adibidez, Kosovoko Liga Demokratikoak (oposizioko alderdiak) hauteskundeak aurreratzea eskatu du. Bestalde, Serbiako NATOren krimenak aztertzeko komisioak, Ivica Dačić Kanpo Arazoetarako Ministroak martxan jarri duenak, 1999ko bonbaketari buruzko frogak biltzen hasi da, Kosovon hain zuzen; eta azkenik, Oliver Ivanović politikari serbokosovarraren hilketa ikertzen egon zen Stefan Cvetković kazetari serbiarra, desagertua zegoena, bizirik eta onik agertu da. Berrien atala, Bosniarekin bukatu dugu, han errefuxiatuak jasotzeko arazoa baitago.
Gerora, futbolera egin dugu salto. Gure bi taldeek Munduko (gizonezkoen) Txapelketa garaipenarekin hasi dute: Kroaziak 2-0 irabazi zion Nigeriari eta Serbiak 0-1 irabazi zion Costa Ricari (Irakurlea hau irakurtzen denean, Kroaziak jada Argentinaren kontra jokatu du, programa bukatu eta berehalakoan jokatu baitute). Emaitza oso onak, eta hurrengo fasera sailkatzeko itxaropena ematen dutenak dira hauek. Hala ere, berri txar bat izan du Kroaziako taldeak, Nikola Kalinić jokalaria, diziplinaren kontrako falta bategatik taldetik kanporatua izan baita. Futbolari emandako atala, Jugoslaviako selekziori buruzko bi bitxikeriarekin bukatu dugu.
Literaturarekin bukatuko dugu. Gaurkoan Dubravka Ugrešić kroaziarraren eta Harkaitz Cano donostiarraren artean izandako korrespondentziaz aritu izan gara, hiru hizkuntzetan, euskaraz, gazteleraz eta serbokroazieraz atera den Korrespondentziak (Korespondencije / Correspondencias) liburuaz. Liburu hau Ugrešićek eta Canok elkartrukatutako gutunez osatua dago eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektuaren barruan kokatzen da. Liburu honek, Cano, agian, ez gaude oso modu borobilean esateko moduan baina agian, serbokroazierara itzulitako idazle bakarra egin du. Liburu honetan, hainbat gauzez aritzen dira, batez ere nortasunen sendotasunaz edo ahuldadeaz, solidotasunaz eta fluxuaz, nortasunaren eta literaturaren inguruko harremanaz, egungo gizarte migratzailean nortasunak duen paperaz eta berau ulertzeko modu aldakorrez, idazle izatea nola erabaki zuten… Bospasei gutun idazten dizkiote elkarri, beraz liburua nahiko laburra da. Guri, momentu batzuetan, Ugrešićek azaldutako ideia batzuk berak idatzi zuen El Museo de la Rendición Incondicional (Alfaguarak erdaraz atera zuen) liburua gogorarazi digu, nortasunen behin-behinekotasunagaatik eta momenturen batean egiten duen jugoslaviartasunaren defentsagatik.
Entzun gure programa hemen: