Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (TLCAN) martxan jartzen zen egunean, 1994ko urtarrilaren 1eko goizaldean, Askapen Nazionalerako Armada Zapatistako matxinatuek (EZLN) Chiapas estatuko bost udalerritan hartu zituzten armak. Zapatistek “lana, lurra, etxebizitza, elikadura, osasuna, hezkuntza, independentzia, askatasuna, demokrazia, justizia eta bakea” eskatzen zituzten. Egun, 25 urte baino gehiago daramatzate gobernu autonomo bat eraikitzen Chiapasen hori lortzeko.
Udan, lehenengo aldiz, zapatisten ordezkaritza bat Europara etorriko da, eta Euskal Herritik ere ibiliko dira: topaketak, elkartrukeak, analisiak eta gehiago partekatuko dituzte bizitzaren aldeko borrokan gauden guztiokin.
Gaurko Lur eta Murmur irratsaioan, Euskal Herriko biraren inguruan orain arte dauden xehetasun guztiak kontatu dizkigu Maritxu Arroyok.