97FM irratia: 97.0 IRRATI LIBREA, BILBON IRRATI LIBRE BERRIA SORTZEKO PROIEKTUA

Iragan den irailaren 1ean Tas Tas Irrati Libreak ateak itxi zituen, 21 urtez emititzen egon eta gero.

Irailaren 30az geroztik, Gasteizko Hala Bedi Irrati Librea emititzen ari da Tas Tasen frekuentzia beretik —FMko 97.0a—. Hain zuzen ere, Tas Tasek eta Hala Bedik hainbat urte eman dituzte hainbat programa konpartitzen.

Hala Bedik bere gain hartu ditu emisioak dakartzan gastuak, harik eta 2014ko otsailera arte. Neurri honi esker, inongo merkataritza-emisorak ezin izango du 97.0 frekuentzia okupatu eta, aldi berean, Bilbon Tas Tas ordezkatuko duen irrati libreko proiektu berria finkatzeko astia egongo da.

Horren haritik, Bilboaldean lanean ari diren hainbat gizarte-kolektibori lotutako jendeak eta Tas Tas Irrati Libreko kide ohi batzuek «Bizkaian Hala Bediren emisioari laguntzeko taldea» osatu dute. Bere helburua proiektuari atxikiko zaizkion eta hilean 10 euro emango dioten 100 lagunetik gora lortzea da.

Talde sustatzaile hau ostegunetan elkartzen ari da, Zirikaren lokalean (Erronda kalea 12, Bilboko Alde Zaharrean), arratsaldeko zazpietan. Jakina, proiektuan interesatuta dagoen pertsona ororentzat irekita dago.

Taldearekin harremanetan jartzeko:

www.97irratia.info
info@97irratia.info

97 irratia babestu nahi duzu?

97 irratian proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.

Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.

Irratikiderik gabe, 97 irratia ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez irratikide eta babestu 97 irratia!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *