Bilbo Hiria Irratia, Uriola.eus eta 97 Irratiaren artean elkarlanean egindako zuzeneko irratsaioak astelehenean eman zuena jaso dute Bilbo Hiria Irratiko lagunek (eskerrak teknikari-kazetari dabilen Jabi Zabalari).
Hemen dituzue gonbidatuekin egindako elkarrizketak:
NORA EGIGUREN (Euskalgunea, Txori Barrote) http://bilbohiria.eus/38097
Txori Barrote konpartsako Nora Egiguren izan dugu, bere konpartsak, Hau Pittu Hau eta Eguzkizaleak konpartsekin batera osatzen duten Euskalguneko egitaraua azaltzeko. Haurrez inguratuta etorri zaigu, eta bereziki haurrentzat programatu dituzten ekintzak nabarmendu dizkigu. Aurten estreinakoz haurrentzako ekitaldi gastronomikoak eurentzat. Transmisioa lantzeari garrantzitsua deritzo, konpartsakidea izatea zer den belaunaldiz belaunaldi zabal dadin. Zarata eta su artean dabil Nora -epaimahaikide dugu Nora Bilboko su artifizialen lehiaketan- eta gaueko kontzertuak ere aipatu dizkigu, berak disfrutatu ezin dituen arren.
LORETO ERRASTI (Txupinera eta Piztia) http://bilbohiria.eus/38088
Txupinera ardura utzi berritan hartu dugu Loreto Errasti gure emankizun berezi honen estreinako elkarrizketan, Piztiak konpartsako kide moduan etorri zaigu. Hala ere, berak argitu digun moduan, txupinera izendapena ez dute inoiz galtzen behinola izandakoek. Ostegunean bertan jantziko du berriz uniformea, beste txupinerekin batera urteroko omenaldia eta bazkaria egiteko. Konpartsa animalista da berea, antiespezismoaren inguruan sortua, eta aurten bigarrenez du txosna Areatzan. Jaiak aldarrikapenak zabaltzeko probestu nahi ditu Piztiak konpartsak, Loretok dioenez, “kontzientzia zabaltzeko, jendeari begiak zabaltzeko”. Horregatik, zezenketak ez eze, zirkua ere animalirik gabe nahi dute, horregatik, pedagogia egiten dute Etxebarria parkean dagoen zirkuaren sarrera ondoan. Aurreko urteetan, jendearekin egon ostean, sarreradun ikusleek atzera egin eta zirkura ez sartzea lortu dutela esan digu Loretok.
GISÈLE (Komantxe) http://bilbohiria.eus/38101
Komantxe konpartsako Gisèle izan dugu bere konpartsaren berri ematen. Txosna-baserria atondu dute, swing dantza egiten abilak direla erakutsi dute eta, Gisèle bera dagoen programazio taldea ahalik eta egitarau txukunena saiatzen da, ahalik eta diru gutxien gastatzen. Musikazaleak dira okupak, kontzertuek adierazten dutenez (Cherry Boppers, Berta Bittersweet…) baina antzerkia ere izango dute, Galdakaoko gaztetxeko antzerki talde batek antzeztuko baitu martiztarrak Lur planetara heldu eta gazte asanblada bat ezagutzen duten antzezlana.
Marijaiarekin gertatutako pasadizo kontaezin bat ere aipatu digu Gisèlek, guk sagardoarekin beste istriputxo bat izan dugun bitartean. Kukutzaren desalojoagatik gartzela zigorren mehatxupean dauden gazteen kasua ere ekarri du gogora Giselek. Asteazken arratsaldean udaletxe aurrean izango den elkarretaratzea deitu baitu Bilboko okupazio mugimenduak.
JOSU GRANDIBAL (Trikimailu) http://bilbohiria.eus/38107
Trikimailu konpartsako Josu Grandibal izan dugu gurekin. Iaz ezagutu genituen, Aste Nagusia konpartsa moduan bizitzen hasten zirelarik. Aurten txosna ere ipini dute areatzan eta, hasiberrientzako oso erronka zaila den arren, nahiko ondo moldatzen ari direla dirudi.
Aisialdi mundutik datoz konpartsakide asko, asko begirale zereginetan ibiliak dira eta euren burua antolatzen ohituta daude. Aste honetarako prestatu duten programazioa anitza da, baina jatorria igartzen zaie Trikimailukoei, haurrentzako ekintza asko prestatu baitituzte. Txupin eguna, euria gorabehera, oso egun berezia izan da, “barrutik” bizi izan duen Josurentzat.