Tesla ordua: Tes

Tesla ordua: Tes

Kaixo, Balkanetako zeruetako hodeitxook!

Gaurkoan, berriz ere Greziaren eta Mazedoniaren negoziazioen inguruan aritu izan gara. Hain zuzen ere, kasu honetan, negoziazio horien aurka, edo negoziazio horietatik atera daitekeen balizko konponbidearen aurka (Mazedoniari “Mazedonia” izena erabiltzea baimena emango dion akordio baten aurka) greziar nazionalistek Atenasen egin duten manifestazio handiaren inguruan aritu izan gara. Manifestazioa batez ere eskuin nazionalistako alderdiek (Egunsenti Urrekara alderdi naziak barne) bultzatu dute, baina ezkerreko pertsonak ere egon dira: Zoi Konstantinopolou Parlamentuko lehendakari ohia edo Mikis Theodorakis musikagile komunista tartean. Arazo honek Grezian bertan ezkerra zein eskuina hunkitzen ditu, eta hain zuzen ere Syrizaren Gobernuari arrakasta (akordio zail bat lortu izana) garraztu ahal dio.

Hurrengo berria, Europar Batasunak Balkanetara egingo duen hedapena izan da, Serbia eta Montenegroren hautagaitzek helburua lortzeko epemuga 2025 urtean jarri du. Hau Serbia presionatzeko modu bat izan da, izan ere, Europar Batasunak behin baino gehiagotan esan baitio Belgradi “ala Errusia ala gu, biekin batera ez”. Serbiak aldi berean harreman onak ditu Errusiarekin, beraz, erabakia behartzeko modu bat izan daiteke. EBk, Albania eta Mazedonia ere hautagaitzat hartu ditu, ez ordea ez Bosnia ez Kosovo.

Hirugarren gaia Nataša Kandić izan dugu. Serbiako “Giza Eskubideen Mugimenduaren” pertsona hau AEBtako bi kongresistek, Eliot Engel eta Roger Wicker jaunek, Bakearen Nobel Saria jasotzeko hautagai bezala proposatu dute. Berri hau erbian ez da oso ondo hartu, izan ere Kandić atzerritik guda justifikatzeko “Serbiaren erruaren narratibaren” jarraitzailetzat baitute.

Bukatzeko bi berri txiki aipatu ditugu: alde batetik Britainia Handirako migrazio-bidea Frantziatik itxi ondoren, albaniar migratzaile asko Zierbenako portuan ferry bat hartzearen zain pilatzeak dakarren krisi humanitario txikia, eta bestetik, Bosnako hiruko lehendakaritzako kide bosnakiarrak, Bakir Izetbegović jaunak egindako adierazpen batzuk: Izetbegovićek ezinezko jotzen du bake bidez Bosnian kroaziar entitate politiko bat sortzea (bere ustez populazio bosnakiarra eta bosnokroaziarra oso elkartuta daudelako) eta horretarako balizko bide bakarra guda dela adierazi du.

Entzun gure programa hemen:

97 irratia babestu nahi duzu?

97 irratian proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.

Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.

Irratikiderik gabe, 97 irratia ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez irratikide eta babestu 97 irratia!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *