Tesla ordua: 61. irratsaioa:

Kaixo, Balkanetako mendikateok!

Mazedoniari buruzko bi berrirekin hasi dugu irratsaioa; bata ustelkeriaren ingurukoa eta bestea Greziarekin izenaren inguruan duten negoziazioen ingurukoa. Nikola Gruevski eskumako soberanista eta Lehen Ministro ohia bi urtetako kartzela-zigorraz zigortu dute gobernu buru zenean enpresa baten partetik opari bat onartzeagatik. Bestalde, indarrean dagoen Lehen Ministro Zoran Zaev, zentro-ezkerrekoa, errugabetu egin dute 2015ean Strumica hiriko alkate zenean enpresari baten partetik eroskerian ibili zeneko akusazioaz. Ondoren, Errepublikaren izenaren inguruan, Zaev ere izan dugu protagonista: aurreko astean Sofian izan zen goi-bilkuran Tsiprasekin izenaren inguruko “akordio-zirriborro” bat lortu zuela esan zuen. Zaevek ez zuen xehetasunik eman, “ez Tsiprasek ez nik, pertsona gisa, gure izenean ezin dugulako instituzioen gainetik akordio osorik lortu”; baina Nikola Dimitrov Mazedoniako Kanpo Arazoetarako ministroak esan duenez, izena “Ilinden Mazedonia” izan daiteke, 1903ko matxinada antiotomandar bati erreferentzia (Ilinden hitzak Elias Deunaren Eguna esan nahi du, matxinada hura hasi zeneko eguna). Ikusiko dugu parte ezberdinek onartzen duten, eta historiari begira, ea Bulgariak (Ilinden matxinada, ekintza “Bulgariartzat” duenak) nola erreakzionatzen duen.

Serbiara bidaiatu dugu gero, han askotariko eta gai ezberdinei buruzko berriak izan baititugu. Hasteko, lehenik eta behin, oroimen historikoaz aritu izan gara. Bi kasu ari dira eztabaidatzen: alde batetik Nikola Kalabić txetnik buruzagiarena, eta bestetik Milan Nedić 1941 eta 1944 arteko lehen ministro kolaborazionista proalemaniarrarena, biei buruz aritu garelarik. Gaurkotasuneko kasuez ere aritu izan gara, adibidez Serbiak 1999ko NATOren erasoari buruzko komisioa bat sortu izanaz. Komisio horrek bere lehen bisita Kosovora egingo du; mugimendu hau ere nolabait oroimen historikoaren arloan sar genezake, baina beste alde batetik Kosovoren inguruan baita, Belgrad eta Pristinaren negoziazioak fase erabakigarrienera iristen ari direlarik. Aleksandar Vučićek beste berri kezkagarri bat ere utzi digu egunotan, Alexander Sorosekin (George Sorosen semea) bildu da, Serbiar Roma Institute (Herri Ijitoaren Institutua) erakunde sorostarra Serbian sar zedin. Kezkaz ikusi dugu berri hau. Azkenik, Serbiaren eta Kroaziaren arteko harremanek, Jasenovacen omenaldiaren inguruan (hau Šešeljek Serbiako parlamentuan sortutako istiluek berotu izan dute baita): Kroaziak Serbiako Defentsa ministro Aleksandar Vulin persona non grata izendatu du, eta kontrara, Serbiak, Kroaziako Defentsa ministro Damir Krstičević ere non grato izendatu du.

Bosniaz ere hitz egin dugu, izan ere, berriz ere eztabaida geopolitikoen erdian dugu Bosnia. Erdoganek “Europako turkiar diasporarekin” hauteskunde-ekitaldi handi bat egiteko Sarajevo aukeratu du. Bertan, Bosniako politikariek eta Bosniako hiru lehendakarietako musulmanak, Bakir Izetbegovićek, oso harrera ona egin diote, euren gaineko norbait izango balitz moduan. Halako adierazpenek, eta Izetbegovićen alderdiak Bosniaz eraiki duen imajinarioak, neokolonialismoaren mamua berpiztu dute. Bestetik, Republika Srpskak kontrara erantzun du, eta bere lehendakari Milorad Dodik Putinekin bildu da. Dodikek noizean behin Republika Srpskaren autodeterminazio erreferendumaren gaia atera ohi izan du. Bestetik, kalapita berri bat sortu da, Erdoganekin zerikusia duena baita ere. Izan ere, badago Istanbul-Belgrad-Sarajevo autobidea egiteko proiektu bat; baina Sarajevo eta Belgrad nola lotu da arazoa: Bosniako musulmanek Tuzlatik egin nahi dute ibilbidea, eta Bosniako serbiarrek Višegradetik.

Eta bukatzeko, Andrej Grubačić izan dugu hizpide. Grubačić AEBn bizi den jugoslaviar jatorri eta militantziako antropologo anarkista dugu. Aste honetan, Berria egnkarian elkarrizketa bat egin diote Grubačići, Euskal Herrian Kurdistani buruz hitzaldi bat eman zuela eta. Grubačićen arabera, Kurdistango konfederalismo demokratikoaren ideia, Estatu-nazioa gainditzen zuena, Jugoslavia Sozialistan izan zen. Grubačićek Jugoslavia Sozilaistaz gain (kanpotik suntsitua izan zela dio), Gavrilo Princip ere errebindikatzen du. Guk Grubačićen adierazpenak komentatu ditugu, izan ere, askotan gurean Kurdistango konfederalismoa goratzen dutenek, Jugoslavian Estatu-nazioa defendatzen zutelako, Jugoslavia “herrien kartzela” bailitzan.

0:00
0:00

Descargar este podcast

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *