Kaixo, Euskal Herriko guslariok:
Oraingoan, aurreko astean bezala Bosnia-Herzegovinako hauteskundeekin jarraitzen dugu. Momentuz, soilik BiHko hiruko lehendakaritzarako eta Republika Srpskako lehendakaritzarako datuak ditugu –aurrenekoan, Šefik Džaferović musulmnak, Milorad Dodik serbiarrak eta Željko Komšić kroaziarrak lortu zituzten hiru postuak, eta Republika Srpskan, Željka Cvijanović dugu lehendakari berria-. Legebiltzarrerako datuak oraindik eman ez dituztenez, analisiari ekin diogu, eta gurean edo guregandik gertu plazaratutako analisi batzuk ere aipatu ditugu, askotan neurri bikiotzak edo ideialismoak trufatutako analisiak baitira.
Segituan Mazedoniaz hitz egin dugu. Jakin dakizuenez (duela aste bi aipatu genuen), Mazedoniako erreferendumean herriak oso parte hartze txikia izan zuenez, bozkaketa baliorik gabe geratu zen, eta beraz, Gobernuak ezin izan zuen nahi zuen Konstituzio-aldaketa, Greziarekin egindako akordioaren baldintzak betetzeko beharrezkoa zena, indarrean sartu (besteak beste izen-aldaketa: Ipar Mazedoniako errepublika deitzea). Zoran Zaev lehen ministroak, esan zuenez, galdeketa hori halere ez zen loteslea, beraz, Konstituzio aldaketa Parlamentuan lortzen saiatuko da.
Erlijio ortodoxoaren inguruan gertatutako berri bati ere kasu egin diogu, berez Balkanetan sortu ez bada ere, berri honek sortutako lurrikarak Balkanak astintzeko aukera ere baitu. Konstantinoplako patriarka Bartolomek Kievko Patriarkatupeko Ukrainako Eliza Ortodoxoari “autozefalia” (independentzia) emateko asmoa duela esan nahi do, Moskuko Patriarkatupeko Ukrainako Eliza Ortodoxoaren (Ukrainako ortodoxo gehienak biltzen dituena) egoera zalantzan jarriz. Erabaki honek kutsu politikoa du, Ukrainako agintarien eskaerei men egiteaz gain, Elizen mugak Estatu-mugekin bat egitea baitakar. Honek Balkanetan harrabotsa sortu du, hurrengo urratsa Montenegroko Eliza Ortodoxoa (oso minoritarioa, baina talde nazionalista bezala jokatzen duena) Serbiar Eliza Ortodoxotik bereiztea izan baitaiteke, eta horren inguruan hedabideek zarata atera baitute.
Azkenik, NATOren eta Serbiaren arteko harremanaz, hitz egin dugu, batez ere aste horretan NATOren idazkari nagusi Jens Stoltenberg Serbian egon delako. Stoltenbergek zenbat adierazpen eztabaidagarri egin ditu 1999ko bonbardaketari buruz. Bestalde, Belgrad eta Pristinaren arteko negoziazioei begira, Lesothoko Gobernuak Kosovoren independentziaren aintzatespena itzularaztea erabaki baitu.
Entzun gure programa hemen: