Egun on, Aste Santu ortodoxoaren jarraitzaileok!
Gu ere ortodoxian murgildu garenez, aste honetako irratsaioa inoiz baino motzagoa izan da, eta hortaz ohartarazi behar zaituztegu: programa honek soilik 50 minutu irauten du.
Lehen gaia, Mirjana “Mira” Marković, Slobodan Milošević Serbiako presidente ohiaren alarguna, Moskun hil izana izan dugu. Askok, modu pixka bat matxistan, Marković Serbiako “Itzalpeko botere” moduan karikaturizatu izan dute, Serbian benetako botere maltzurra bera zelakoan. Guk hemen ordea, Markovićen pentsaera eta Moskun zergatik erbesteratu zen azalduko dugu, eta horrez bidez 90 hamarkadako Serbiara pixka bat hurbilduko gara.
Kosovoren gaineko negoziazioen inguruan ere aritu izan gara. Aste honetan, Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek Ipar Kosovko udalerrien gaineko “Burujabetza bikoitza” edo “Koburujabetza” albanoserbiarra proposatu edo onartu izana ukatu du. Bestetik, kanpo ministro Ivica Dačićek Vučić bera eta Ana Brnabić lehen ministroa Prištinako Gobernuarekin Berlinen batzeko “presionatuak” izan direla aipatu du, bilkura hori egingo denaren inguruan zalantzan utziz. Beste aldetik, Gobernu albanokosovarrak “Serbiak egindako krimenak ukatzea” legez zigortzea ahalbideratuko duen lege bat aterako duela iragarri du (gogoan izan behar dugu Kosovoko Gobernuaren arabera, NATOren bonbaketa “serbiar genozidioa” ekiditeko izan zela). 1999ko guda-krimenez ari garela, Neven Djenedija deitutakoserbiar herritar batek AEBko Defentsa Ministerioa hackatu eta krimenen argazki esklusiboak atera dituela ere esan dugu. Horietako krimen bat, aste honetan gertatu zenetik 20 urte betetzen dituena da: NATOk Djakovica herrian 75 errefuxiatu albanokosovar hil zituenekoa. Krimen hori ere gogoratu dugu.
Gudez ibili izan garela, Kosovoko guda beraz, Serbiak Rajko Kozlina serbiar soldadua 15 urteko zigorraz atxilotzea aipatu izan dugu, Kosovoko gudan zenbait albaniar zibil hiltzearren. Bestetik, Bosnia-Herzegovinako Estatu-epaitegi batek, Bosniako Armadako Atif Dudaković jenerala auziperatu du, 300 zibil serbobosniar hil zituela leporatuta.
Aipatu dugun beste gai bat Belgradeko Vučićen aurkako protestak dira. Hauek inoiz baino indar handiagoa hartu zuten azken larunbatean. Protestako alderdiak batzen dituen Serbiaren Aldeko Aliantzako lider guztiek hitz egin zuten, baina beste behin ere, Vučić kanporatzeaz haratago programa bateraturik ez dutela agerian utzi dute. Bestetik, Gobernuari, protestara gerturatzeko oztopoak jartzeko tanpatxoak erabili izana leporatu diote (adibidez autobus publikoak murriztea). Protesta hauen aurrean, SNS Gobernuko-alderdiko ordezkariek gau-beila egin dute, Gobernuaren arabera “Estatu-kolpe posible bat ekiditeko”.
Berri txikiagoen artean, Korrika dela eta, Korrikaren lekukoa eraman izan duten jugoslaviarrak, Bosnia-Herzegovinan hauteskundeak pasa eta 6 hilabete ostean Gobernua eratzear egon daitekeela, Ivica Dačić serbiar kanpo ministroak Errusiarekiko egin dituen adierazpen oso lagunkoiak eta Venezuelan Montenegroko mafiako kapo handietako bat kokaina Europara ekarri nahi izatean atxilotu izanaz aritu gara.
Entzun gure programa hemen: