Tesla ordua: Tesla Ordua, 52 irratsaioa

Kaixo Balkanetako zelaiok!

Oraingo astean, gure saioan, hainbat berri izan ditugu mintzagai. Futbolarekin hasi gara, UEFA Txapelketako final hamaseirenetan asteartera aurreratutako partidarekin, Belgradeko Izar Gorriak eta Moskuko TsSKAk jokatutako partidarekin. UEFAko Txapelketan beste lau talde dauden arren, partida hori asteartera aurreratu zuten, hain zuzen ere Belgraden Partizan taldeak jokatzen zuen partidarekin bat etor ez zedin (Partizanen zaleak TsSKAren zaleekin ahaidetuta daude, horrek partidaren tentsioa igotzen zuelarik; esan beharra dugu poliziak TsSKAko zaleekin bat zetozen 200 partizanzaleri estadioan sartzea eragotzi zien). Beraz, osteguneko partidak ezin komentatuta, astearteko partida hori komentatu behar izan dugu. Partidan bi taldeek aukera garbiak izan zituzten, baina arraroa izan bazen ere, markagailua ez zen mugitu, eta kanporaketa itzuliko partidan, Moskun erabakiko da. Errusiar komunikabideen arabera, TsSKAko zale bat bihotzondokoak jota hil zen, baina hau partida eta poliziaren “eskolta” baino zenbait ordu aurretik gertatu zen, bi zalegoen ika-mikekin zerikusirik ez duenik.

Politikaren inguruko berriekin jarraitu dugu. Berrietako bat, Bosnian, itxura fundamentalistako zenbait gaztek ateratako argazkiak izan dira. Gero eta lotsagabeago ageri zaigu islamdar fundamentalismoa Bosnian, urte luzez agintariek beste aldera begiratu egin badute ere.

Kosovoko panoramari ere gainbegiratua egin diogu. Bertako, ofizialki Ramush Haradinaj lehen ministroak (baina antza denez,benetan kanpotik) hartutako erabaki batekin hasi dugu: Pristinako sarrerako biribilgune bateko mastil handi batean zegoen albaniar bandera kentzeko eta Kosovoko banderaz ordezteko erabakiaz. Erabakia oposizioak gogor kritikatu du, eta Haradinaj berak ere esan du “ez duela bandera gorribeltzaren –albaniar banderaren kontra deus ez, bandera hori albaniar denek ohoratu beharreko bandera baita”. Haradinaj UÇK albaniar talde armatu nazionalistaren kide izan zen, eta litekeenez, erabaki hori ez du berak hartu, baizik eta Kosovoren gaineko nazioarteko presioen emaitza da.

Bukatzeko, Serbiako lehendakari Aleksandar Vučićek EBn sartzeko Serbiaren mugen gaineko erreferendum proposamen batez, eta Montenegron piztu den gatazka historiografikoa aipatu ditugu.

Entzun gure irratsaioa hemen: <iframe src=”https://archive.org/embed/TeslaOrdua20180215″ width=”500″ height=”140″ frameborder=”0″ webkitallowfullscreen=”true” mozallowfullscreen=”true” allowfullscreen></iframe>

One comment on “Tesla ordua: Tesla Ordua, 52 irratsaioa
  1. beñat(e)k dio:

    Tesla orduaren 52 eta 53 saioak ez daude entzungai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude