Kaixo Balkanetako ehuntzaileok!!
Oraingoan gure 100. irratsaioa egin dugu, beraz esan dezakegu hiru urte hauetan, Tesla Ordua fin-fin ibili dela, eta bere helburu bat (irautea) lortu duela. Ikusi beharko dugu gorengo helburu bat, hots, eragina izatea, lortu duen; baina hori gure entzuleek erabaki beharko dute.
Gaurkoan programa ordu betekoa baino luzeagoa atera zaigu. Ez da harritzekoa, izan ere europar hauteskundeak bertan ditugu eta hauei buruz hitz egin dugu. Balkanetako eta periferiako herriak kontutan izanik, zazpi herriren berri eman dugu: Bulgariaren, Errumaniaren, Esloveniaren, Hungariaren, Greziaren, Zipreren eta Kroaziaren menpe. Azken honen gainean zentratu gara gehien, bai Milorad Pupovac serbiar gutxiengoaren hautagaiak eraso berriak sufritu dituelako, eta bai europar figura politiko handiak (Angela Merkel eta Frans Timmermans, tartean) hara kanpaina egitera joan direlako. Merkelen mitinak gainera oso irudi itsusia utzi du Marko Perković Thompson abeslari faxistaren abestiak jarri baitituzte.
Beste berrien artean, Bulgariako lehendakari Rumen Radevek Bulgariako Gobernua eta Sofiako Udala kritikatu ditu bulgariar faxistekin onberegiak izatearren. Faxismoarekin edo hau zuritzearekin jarraituz, kroaziar bi ministrok, Kolinda Grabar-Kitarović lehendakariak egin bezala, Bleigurg bisitatu dute, non 1945an partisanoek “hildakoen omenezko soldaduen” (faxistak gehienak) monumentu bat dagoen.
Beste berrien artean, Kosovoko gatazkarekin jarraitzen dugu, aste honetan Kosovoko Parlamentuak 1998-99 “Serbiak egindako genozidioa” definitzen duen mozio bat onartu du, Kataluniako Generalitatak Bartzelona eta Sarajevoren artean 2030ko Neguko Joko Olinpikoak batera antolatzeko asmoa erakutsi du, eta Serbiako (gizonezkoen) futboleko Koparen inguruan, Izar Gorria eta Partizan elkartzen dituenaz, hitz egin dugu.
Entzun gure programa hemen: