Kaixo Balkanak, Jaunaren ondorengo 2019 urtean eta Handkeren ondorengo lehenengo urtean!
Gaurkoan gai pila izan ditugu. Hasteko gai historiko bat izan dugu mintzagai. Aste honetan Herri Askapenerako Gudaren kontestuan, jugoslaviar partisanoek eta Armada Gorriak Belgrad askatu zuteneko 75 urteurrena bete da. Operazio militar honen nondik norakoak eta 1944k urritik herrialde osoaren guztizko askapena eman arte (1945eko maiatzean) izan ziren zailtasunez hitz egin dugu, baita ere orduan Titoren eta Stalinen arteko harremanak nolakoak izan zirenari buruzko zertzelada batzuk.
Politikarekin jarraitu dugu gero. Ipar Mazedoniarekin hasi gara. Lehenbizi Serbiarekin eta Albaniarekin sinatutako merkatu eta igarotzen akordioaz aritu zian gara. Lehendakari batek, Aleksandar Vučićek, eta bi lehen ministrok, Zoran Zaevek eta Edi Rama sinatu dute akordio hori. Vučićek dio Kosovo, Bosnia eta Montenegro sartzea nahi dituela, baina beste alde batetik, Edi Ramak esan du Kosovo sartzen ez bada, Albaniak akordioa bertan behera utz dezakeela.
Beste alde batetik, Frantziaren posizioak Albania eta Ipar Mazedonia Europar Batasunean sartzea eragotzi du (Serbiaren eta Montenegroren data atzeratzen du honek baita ere). Honek Ipar Mazedoniako hauteskundeak aurreratzera bultzatu du Zoran Zaev, izan ere Greziarekin sinatutako akordioak (zeinek Mazedoniari “Ipar” deitzea ekarri zuen) EBn eta NATOn sartzea aurreikusten zuen eta hori orain kili-kolo geratu da. Beste alde batetik AEBko senatuak Ipar Mazedonia NATOn sartzeko aukera zabaldu du baino hori ez da nahikoa izan Zaeventzat.
Bestelako berri geopolitikoak ere izan ditugu. Dmitri Medvedev Belgraden egon da, eta Ana Brnabić lehen ministroa Moskura gonbidatu du. Bestetik, Belgradera, lehen txinatar merkatal-trena iritsi da Txinako produktuekin. Beraz, badirudi ekialdera begiratzen duela Serbiak
Kosovora egin dugu ostean. Albin Kurti, duela aste batzuk hauteskundeak irabazi zituen liderrak “The Guardian” egunkari britainiarrarekin elkarrizketa bat eman du, eta hor zenbait gauza esan ditu: adibidez Vëtevendosjek tradizionalki EBrekiko izan duen postura kritikoa ñabartu egin du, eta ustelkeria ezabatzea bere lehentasuna dela esan du. Hala ere ez dirudi Serbiarekin egoera hobetu egingo denik, izan ere, Serbiako Kopa partida bat jokatzeko muga pasatzea galerazi dio izar Gorria futbol-taldeari (honek Mitrovican jokatu behar zuen FK Trepča taldearen kontra).
Beste berri bat Kroazian izan dugu. Bertako Maksimir estadioan Prljavo Kažaliste taldeak kontzertu bat jo du, 1989an eman zuen kontzertu historiko (eta oso nazionalistaren 30. urteurrena zela eta. Kontzertua hasi aurretik, oihu faxista masibo bat egin zuten ikusleek (ez taldekideek), eta penarekin ikusi dugu gertakari hori.
Bukatzeko, Euskal Herriaren eta Balkanen arteko harremanari buruzko bi berri ekarri ditugu. Alde batetik, Marijan Dović irakasle kroaziar-esloveniarra Bilbon izan da Kongresu batean, bertsolaritzari buruzko ponentzia bat aurkezten. Bestetik, Senez aldizkariak Izet Sarajlić poeta bosniarrari buruzko artikulu bat atera da, bere poema batzuk euskaratuta ere agertu direlarik.
Entzun gure programa hemen: