Kaixo Balkanetako rakijazaleok!
Aste honetako programan, Kroaziako lehendakaritzarako hauteskundeez aritu gara batez ere. Sorpresa gertatu da eta Zoran Milanović sozialdemokratak irabazi ditu hauteskundeak, boto diferentzia nahiko handiarekin gainera (%5eko aldea atera dio Kolinda Grabar-Kitarović eskuindarrari). Hainbat analisi egin ditugu gertakariaren ondoan: bigarren txandan parte-hartzea handitzea, lehen txandan bazterrean geratu direnen botoak bereganatzeko gaitasun handiagoa izatea (zuen eskuindarrak ezkertiarrak baino gehiago ematen zuen arren), etorkizunean izango dituen erronkak (EBko presidente ere izango da, Kroaziari tokatzen baitzaio), gutxiengo etnikoen erreakzioak…
Gabon ortodoxoak ere izan dira, eta horiei buruz ere aritu izan gara. Montenegron, Gabonak direla eta Erlijioen gaineko Lege polemikoaren kontrako protestetan “suetena” deitu du Serbiar Elizak. Lege honen gainean pixka bat hitz egin dugu, eta baita ere Serbiako Kanpo Arazoetarako Ministro Ivica Dačićek esandakoei buruz. Bestetik Kosovoko eta Bosnia-Herzegovinako politikariek egun honekiko nola erreakzionatu duten ere ikusi dugu.
Bosnian jada, parlamentuak Gobernu osoa aukeratu du. Zoran Tegeltija lehen ministroa izango zela bagenekien, baina orain Gobernua osorik aukeratu dute. Kosovon ere Gobernua osatzear daude, Albin Kurtik esan du “hurrengo egunetan” lehen ministroaren izena ezagutuko dugula (hori da bi alderdi nagusien arteko akordiorako oztopo nagusia). Ipar Mazedonian ere Gobernu aldaketa egon da, apirilerako hauteskundeei begira, bi alderdi nagusiak “larrialdi legeak” onartzeko helburuarekin, kontzentrazio Gobernu bat osatu dute. Zoran Zaevek dimititu egin du, eta bere alderdikide Oliver Spasovskik (orain arte Barne ministroa) ordeztu du. Bestetik Austrian ere Gobernua erreformatu dute, Berdeak sartu direlarik. Gertakari hau ez zen gure interesekoa izango, baina Justizia ministro gisa Alma Zadić bosniara ezarri dute, beraz komentatzekoa iruditu zaigu.
Bukatzeko, hainbat urtez Realeko aurrelari izan zen Darko Kovačević Atenasen tirokatua izan dela aipatu dugu. Heriotza saiakera horren ondorioz, zauri arinak izan ditu Kovačevićek eta hemendik laster osa dadin opa diogu.
Entzun gure programa hemen: